XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sadarko mendian bizi ohi omen ziren aintzinako erraldoien leinu haietako baten azkeneko bi tartalo begibakarrak.

Bazkagai bezala gizonak jaten omen zituzten; beraz, beldur ikararen ikaraz bizi ohi omen zen Zegama eta inguruko beste jenderik asko.

Sadar mendiaren gainean zuten haiek beren etxea eta ondoan artegia.

Bata, zahartasunaren ajeak jota begi bakarraren betazala ere zabaldu ezin zuena; bestea, bere iloba, artean tartalo gaztea.

Honek, bazterrik bazter gizonak harrapatu eta ekarri ohi zizkion tartalo zaharrari burduntzian erre eta jateko.

Behinola, halako gauzarik mundu zabalean gerta zitekeenik pentsatu ere egin gabe, gizon arrotz bat bidailari omen zihoan Sadar mendian, eta berealdiko azkarrena atxiki omen zuen tartalo sasoikoak gizon hura.

Mendi tontorrera eraman, eta Tartaletxetako tartalo zaharrari eskaini zion, alegia esanez, ba giza-bakar hura bidean zihoala harrapatu zuela eta halako edo besteko herritan hamar-dozena bat gehiago erdietsi arte ez hiltzeko.